Konfidantzaren funtzioa
Konfiantzaren pedagogiak azaltzen duen eredua, funtsezko ikuspegia da haurren hezkuntzan eta garapenean. Kontzeptu horri buruz hausnartzean, hainbat alderdi nabarmentzen dira, eta horien garrantzia agerian uzten dute, batez ere, ni bezala hezkuntza-arloan gure bidea egiten ari garenontzat. Konfiantzan oinarritutako harreman sendoak ezartzetik hasi eta haurren hazkunde emozionala eta kognitiboa sustatuko duen ingurune positiboa sortzera arte, ikuspegi horrek gida baliotsua eskaintzen du prestatzen ari den edozein hezitzailerentzat.
Konfiantza da edozein harreman esanguratsuren oinarria. Hori gabe, ezinezkoa da haurrak seguru eta onartuta sentitzeko espazio bat eraikitzea. Etorkizuneko hezitzaileak garenez, konfiantza goraipatu behar dugu, ez bakarrik haurrengan, baita gurasoengan eta geure buruarengan ere. Bai haurrak zein hezitzaileak eroso eta errespetatuta sentitu behar dute elkarrekintzan.
Testuinguru horretan, psikologia pedagogikoak berebiziko garrantzia du. Haur bakoitzaren emozioak, ikaskuntza erritmoak eta berezitasunak ulertzeak, haurrekin erlazio sakonagoak eta hurbilagoak ezartzeko aukera ematen digu. Horrek haurraren ongizate emozional handiagoa dakar, eta haren garapen integrala errazten du. Beraz, funtsezkoa da haurra hobeto ezagutzea eta gurasoekin komunikatze aktibo bat manetnetzea behar duen laguntza eskaintzeko.
Gainera, guraso eskolaren kontzeptu berritzailea ere aurkeztu egiten da, oso interesgarri eta baliagarria iruditu zaidana, familiei etxean hezitzaile izaten irakastearen garrantzia azpimarratzen du. Eskolaren eta familiaren arteko lotura hori ezinbestekoa da haurren ikaskuntzarako eta hazkunderako. Bi aldeek modu bereizian edo, are okerrago, kontrako norabideetan lan egiten badute, hezkuntza-ahaleginak ahuldu egiten dira, haurra kaltetuz, noski.
Aitzitik, gurasoek eta hezitzaileek laguntzen dutenean, haurra balioak, ohiturak eta ikaskuntzak indartzen dituen ingurune koherente batean aurkitzen da. Etorkizuneko hezitzaile gisa, funtsezkotzat hartzen dut familiak hezkuntza-prozesuan sartzea. Horrek haurraren ongizate akademikoa hobetzeaz gain, haren garapen emozionala ere indartzen du; izan ere, haren alde dagoen eta harengan konfiantza duen heldu-talde bat duela sentitzen du.
Haur bakoitzak bere ikaskuntza-erritmoa du, eta hezitzaileok eta gurasoek, erritmo hori errespetatu eta horretara egokitu behar dugu. Horrek esan nahi du malguak izan behar dugula eta jakin behar dugula haurren emozioak eta beharrak etengabe aldatzen direla, eta premia hoeik asetzeko prest egon behar garela. Egunero ez dira berdin motibatuta edo ikasteko prest egongo, eta hori ondo dago. Gure zeregina estimulu egokiak aukeratzea eta parte hartzera gonbidatuko dituen giroa eskaintzea da, presiorik eta motibaziorik gabe.
Ulermen horrek pazientzia eta enpatia eskatzen ditu. Haurrarekin bere egoera emozionalean konektatzea eta haren erritmoetara egokitzea lortzen badugu, zubi bihur gaitezke haurraren egungo gaitasunen eta garapen-helburuen artean. Ikuspegi horrek haurraren autoestimua indartzen du, eta haurraren trebetasunetan konfiantza izatea sustatzen du.
Nire ustez, gehien entzuten den puntuetako bat da haurrak arrakasta behar duela autoestimu osasuntsua garatzeko. Hezitzaile gisa, arrakasta txiki horiek posible izango diren espazioak sortzea da gure zeregina. Helburua ez da ezinezko helburuak ezartzea, baizik eta lortzeko moduko erronkak eraikitzea.
Mezu positiboek berebiziko garrantzia dute hemen. "Oso ondo egin duzu" edo "zorionak!" bezalako esaldiek haurraren ahaleginak balioesteaz gain, bere buruaz duen pertzepzioa indartzen dute, gai eta baliotsu den pertsona gisa. Etengabeko baliozkotze horrek konfiantza-ziklo bat sortzen du, eta haurra motibatuta sentitzen da ikasten eta gainditzen jarraitzeko.
Azkenik, jolasa ikasteko tresna ahaltsua da. "Ikasteko jolasten dut eta jolasten ikasten dut" esaldiak ederki kapsulatzen du ideia hori. Jolasa ez da jarduera ludiko bat soilik; mundua esploratzeko, esperimentatzeko eta ulertzeko modu bat ere bada. Jolasaren bidez, haurrek trebetasun kognitiboak, sozialak eta emozionalak modu naturalean eta dibertigarrian garatzen dituzte.
Etorkizuneko hezitzaile gisa, funtsezkoa iruditzen zait jolasa irakaskuntza-prozesuan txertatzea. Horrek ez du esan nahi eduki akademikoak baztertu behar direnik, baizik eta haurrentzat esanguratsuak eta erakargarriak diren jardueretan txertatu behar direla. Horrela, ikastea esperientzia atsegin eta gogoangarri bihurtzen da, betebehar aspergarri baten ordez.
Laburbilduz, konfiantzaren pedagogiak hezkuntza ikuspegi gizatiar eta enpatikotik ikustera bultzatzen nau. Ezagutzak transmititzeaz gain, harremanak eraikitzea, emozioak ulertzea eta haurraren garapen integralerako ingurune positiboa sustatzea da helburua. Onartzen dut ikuspegi horrek teknika didaktikoetatik haratago doazen trebetasunak eskatzen dituela. Sentsibilitatea, pazientzia eta haurrengandik eta familiengandik ikasteko etengabeko prestutasuna eskatzen ditu.
Nire prestakuntzan aurrera egin ahala, printzipio horiek nire praktikan aplikatzea espero dut. Konfiantza emango duen hezitzailea izan nahi dut, familiekin elkarlanean arituko dena eta haur bakoitzarengan lantzea merezi duen potentzial bakarra ikusiko duena. Azkenean, konfiantzaren pedagogiak ez die haurrei bakarrik mesede egiten, hezitzaileak ere eraldatzen ditu, gure ekintzek besteen bizitzan duten garrantziaz jabetuz. Inpaktu mota honek motibatzen nau ikasten eta hazten jarraitzeko eremu eder honetan.
Bibliografia
Arizmendi Ikastola (2014) Pedagogia de la confianza, Youtube.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina